Azken urteetan, elikaduraren gaiak leku nabarmena hartu du eremu publikoan, agenda politikoan eta komunikabideetan: haragi-kontsumoa murrizteko gomendioei buruzko polemika, janari lasterra prestatzeko hiriaren erdialdeko espazioak hartzen dituzten sukaldeek (dark kitchen sukaldeek) ekarritako eragozpenak, janaria etxera eramateko enpresen ugaritzea, okupatzen duten espazio publikoa eta sortzen dituzten lan-baldintzak, elikadurarekin lotutako lurraren erabilera produktiboetarako deforestatutako espazio handiak, transgenikoen eta pestiziden erabilera, hornidura-azokak gurmetizaziorantz eta aisialdiko eta kontsumoko beste era batzuetarantz egiten ari diren bidea, hiri-nekazaritzaren hazkundea eta kontsumo-kooperatiba agroekologikoen ugaritzea… Horra hor kulturaren, politikaren eta orobat hirigintzaren arlokoa den eztabaida baten sintometako batzuk.
Carolyn Steel arkitekto eta ikertzaileak Ciudades Hambrientas liburuan dioenez, «pertsonak bezala, hiriak jaten dutena dira». Baieztapen horrek aitorrarazten digu hirien garapena ezin dela banatu haien biztanleok elikatzen garen modutik. Izan ere, benetan erraza da elikadurak hirietan utzi dituen aztarnei jarraitzea eta argi dago elikaduraren kultura faktore erabakigarria izan dela hiri-espazioaren etengabeko eraldaketan. Eraikitako hirian, kale eta plaza batzuen trazaduran eta izenean eta ondare eraikian, hala nola hornidura-azoketan, ikusten dugu. Elementu immaterialetan eta bestelako adierazpen kultural eta artistikoetan ere atzematen da, adibidez, herri-jaietan, argazkietan, margolanetan, eleberrietan, musikan…
Gaur egun, planetako biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi garenez, egunero ezinbestekoa da hiri-eremuetan metatutako milioika pertsonarentzako behar adina elikagai ekoitzi, inportatu, saldu, prestatu, jan, bota eta berriz eskura jartzea, eta sinestezina dirudi hiriotan bizi garenok ia edonon eta edozein unetan jateko nahikoa edukitzeak.
Elikadurak ahalegin itzela eskatzen du eta egiten dugun beste ezer baino inpaktu handiagoa dauka. Mundua elikagaien bidez behatzea lagungarria izan dakiguke hirian garrantzitsuak diren eta gure bizitzan eragina duten faktore ugariren arteko interrelazioa ulertzeko: mugikortasunari eta garraioari eskainitako azpiegitura handiak, energia, klima-aldaketa, osasuna eta obesitate-epidemia, ekoizpenaren, banaketaren eta salmentaren arloko multinazional handien boterea, urbanizazioa…
Gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik jasangarria den mundu batean bizi nahi badugu, «ekohiriak» eraiki nahi baditugu, haien itxura fisikoa ez ezik elikatzen diren modua ere birpentsatu behar dugu. Eta ez da erraza izango, elikadura-sistema izugarri boteretsua da-eta bizi garen ekonomia globalizatuan. Zeregin hori betetzeko ezinbestekoa izango da denok geure erantzukizuna geure gain hartzea eta horri dagokionez zer edo zer egitea.
Komunikazioaren, artearen, kulturaren, arkitekturaren eta beste hainbat arloren munduan jarduten dugunok kontakizunak sortzeko erantzukizuna daukagu, bizi garen errealitatea azaltzeko eta elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk proiektatzeko gai diren narratibak sortzekoa.
Ikuspuntu horretatik planteatu dugu URBANBATfest-en edizio berri hau. Janariaren eta espazioaren arteko harremanari buruz, elikagaiek gure hiriak moldatzen dituzten moduari buruz eta arkitekturaren, hirigintzaren, gizarte-zientzien eta praktika artistiko eta kulturalen arteko gurutzaketa gainjarrietan oinarrituta imajina ditzakegun erantzun-motei buruz elkarrekin hausnartzea proposatu nahi dizuegu.